GUTUNA IDAZTEKO ARGIBIDEAK:

GUTUN MOTAK

A.- Hasierako agurrak

B.- Bukaerako agurrak

C.- Data edo eguna

Hasierako agurrak:

Idatzietan hasierako agurra idazteko era asko daude. Beti ere, kontuan hartu behar da nori bidaltzen zaion gutuna edo idatzia eta zer-nolako tratamendua eman nahi zaion. Hona hemen adibide batzuk:

Eredu formala/neutroa:

Jauna:

Andrea:

Jauna/Andrea:

Jaunak:

Andreak:

Agur t´erdi:

Jaun hori:

Andre hori:

Eredu hurbilagoa

Adiskidea:

Adiskideak:

Adiskide hori:

Oharra: “Jauna” edo “Andrea” hitzei “agurgarri” eta antzekoak gehitu izan zaizkie, baina ez da beharrezkoa, “Jauna” edo “Andrea” hitzek badute-eta kortesiazko kutsua. Bestalde, gutunaren edo idatziaren hartzailea pertsona bakarra baldin bada, eta ez badakigu gizonezkoa edo emakumezkoa den, orduan “Jauna/Andrea” erabiliko dugu.

Bukaerako agurrak

Hasierako agurraren kasuan aipatu dugun bezala, bukaerako agurra idazteko ere kontuan hartu behar da nori bidaltzen zaion idatzia edo gutuna eta zer-nolako tratamendua eman nahi zaion. Hona hemen adibide batzuk:

Eredu formala

Adeitasunez, agur,

Begirunez, agur,

Besterik gabe, gure eskaera aintzat hartuko duzulakoan, adeitasunez agurtzen zaitugu.

Eredu neutroa

Horrenbestez, agur,

Besterik gabe, agur,

Eredu hurbilagoa

Agur bero bat,

Hurrengo arte,

Ondo izan eta ikusi arte

Data edo eguna

Gehien erabiltzen diren ereduak hauek dira:

Donostian, 2016ko maiatzaren 23an

Donostia, 2015eko maiatzaren 23a

Donostia, 2017-07-07


INFORMAZIO GEHIAGO (I)


IDAZLANA: argibideak

ARGUDIO TESTUA IDAZTEKO AHOLKUAK:

Hiru atal nagusi ditu argudio testu batek:

A.- SARRERA: eztabaidaren aurkezpena egiten da bertan. Batzuetan defendatu nahi den tesiaren aipamena ere egiten da. Atal honek 1go paragrafoa hartzen du eta, Ondorioa paragrafoarekin batera, testuko atalik laburrena da (150 hitzeko testu batean, 3-4 lerro).

a. Gaia testuinguru historiko batean koka daiteke

b. Gaira hurbiltzeko norberari gertatutakoa erabil daiteke

c. Galdera erretorikoaren bidez irakurlea gaian sar daiteke

d. Egungo egoera azpimarra daiteke

Atal honetan erabil daitezkeen zenbait esaldi (oso lagungarri gertatuko zaizkizue):

1. Gaurkotasun/interes handia du gai honek, izan ere...

2. Orain dela ... urte ... . Gaur egun, berriz,...

3. Askoren ustez,...da. Hala ote da benetan?

4. Azaletik/sakonki ezagutzen dut gai hau, urrunetik/hurbiletik ezagutzen dut eta.

Ez ahaztu SARRERATIK GARAPENERA: galdera erretorikoez gainera, sarreraren eta hurrengo paragrafoen arteko jauzia egiteko, lotura bat erabiltzen da gehienetan. Sarreraren azken esaldia izaten da, hau da sarrera ixten duen nolabaiteko lotura esaldia da. Hona hemen adibide batzuk:

e. Gaia jorratzeko, honako puntuak erabiliko ditugu.

f. Gai hau aztertzerakoan, honako puntuak hartuko ditugu kontuan.

g. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.

h. Baina gatozen harira.

B.- GARAPENA: argudio testuaren muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak, jarrerak...; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak, alegia. Baina, kontuz!, hierarkia baten arabera antolatu behar dira argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du.

HAINBAT ARGUDIAKETA MOTA:

1.- Autoritate argudioa: pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, idatziaren tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau. (Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez,...)

2.- Irakurlea eta idazlea talde bereko: idazleak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan. (Motorzaleok badakigu kaskoa beharrezkoa dugula...)

3.- Adibide bidezkoa: iritziak argiago, ulergarriago eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau. (Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?)

4.- Tesien kontrajarpena: norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran. (Telebista bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen dituztela) Oso garrantzitsua!!!

5.- TESTUAREN BATASUNA: Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu: ANTOLATZAILEAK (lokailu-juntagailuak) eta ERREFERENTZIA BALIABIDEAK.

6.- ANTOLATZAILEAK: testua eta arrazonamenduaren haria bideratzen dute. Aukera zabala bada ere, guk, argitze aldera, batzuk baizik ez dizkizuegu emango: ANTOLATZAILEEN ZERRENDA .

7.- ERREFERENTZIA BALIABIDEAK: testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Besteak beste, hauek izan daitezke:

  • Ordezkapena: zerbait modu ezberdinez aipatzea. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.

  • Pronominalizazioa: izenordain (hau, hura, bera hauek...) eta aditzondoenak (gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten dio erreferentzia -han, bertan...- bereiziko ditugu.

D.- KONKLUSIO ETA ONDORIOAK: argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera.

  • Erabil daitezkeen zenbait lokailu-juntagailu: beraz, hortaz, (aurreko guztia) laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko...


AZKEN AHOLKUAK:

  • Tintaz idatzi eta letra ulergarria egin

  • Marjinak eta paragrafo arteko zuriuneak zaindu

  • Ortografia zaindu

  • Idatzitakoa errepasatu

  • Ondo irakurri galderak eta eskakizunak

  • Argudioa testua egiteko aholkuak (baldin eta mota honetako testua egiteko aukera badago, noski!):

  • Ondo pentsatu idazten hasi aurretik

  • Eskematxoa egin argudioekin

  • Hiru atal hauek izango ditu:

    • Sarrera: gaiaren aurkezpen laburra eta garapenarekin lotuko duen esaldia.
    • Garapena: argudiatzea (lokailu-juntagailuak, erreferentzi baliabideak...). Ideia baten aldeko eta kontrako arrazoien eztabaida.
    • Konklusioa edo ondorioak: ideia nagusien laburbilketa eta ondorioak atera. Norbere iritzia ere gehitu daiteke, edo irakurlearen arreta piztu galdera erretoriko baten bidez.

  • Paragrafoak. Atalak paragrafotan bereiziko dira: paragrafo bakoitza ideia baten inguruan antolatuko da; ideia batek osatuko du paragrafo bakoitza. Testuaren eta paragrafoen arteko batasuna zaintzeko, unitatean zehar erabilitako testu-antolatzaileak hautatuko dira.

  • Lokailu-juntagailuak. Ideiak aurkezteko, gehitzeko, kontrako arrazoiak emateko edota ondorioak ateratzeko unitatean landutako lokailuez baliatuko zara: lehenik eta behin; beste aldetik; gainera; adibidez; azkenik; beraz...